XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Santitxuri Pasaporte, nortasun agiria eta txertapen egutegia dela-eta harat honat nabil Rwandarako bidaia prestatzen.

Horrexegatik eta ikastaroa amaitzear dagoelako larri eta presaka dihardut egun.

Patxadaz idaztea laket zaidan arren, beharraren beharrez beharturik saiatu beharrean aurkitzen naiz eta calamo currente jartzen dizkizut lerro hauek, hau da, lumari idazten utziz, deus ere prestau gabe aldez aurretik.

Orduan, nire erruak barka diezazkidazula erregutzen dizut.

Santitxu, bi urte igaro ditut zurekin San Asension.

Elkarrekin bizi izan gara eta zinitzak agerian egin behar dituzunean ez naiz zure ondoan egongo.

Fisikoki, behintzat, zeren bihotzean edukiko bait zaitut uztailaren 28an Rukomo aldean, nire oroimenaren erpina izango zarelarik.

Pozez zoraturik egongo naizela aldarrika diezazuket.

Zioak ugari badira ere, zenbait izkiriatzen dizut oraintxe, nire lumari darizkionak, hain zuzen.

Alabaina, esan gabe doa arrazoi metalinguistikoak hobeki ulertuko dituzula.

Hitzez soilki adieraztea ez bait da aise, sentimenduak tartekatzen direnean.

Baina ekin diezaiodan zerrendari.

Lehenik, ZORIONAK, zeren eta eremu honetan ikusi egin bait duzu.

Behingoz miretsi egin duzu, sentitu... eta hain paregabekoa zen non gainontzekoak hutsala dirudien.

Agian dena ahantziko duzu, baina hori jazo arren, urte pare honetan ikusi duzun Hori ez duzu inolaz ere burutik kenduko.